Bere burua haien barne gatazken epaile gisa aurkeztuta, Napoleonek lortu zuen errege familia Baionara erakartzea. Bertan, maiatzaren 2ko gertaeren ondoren, Fernando VII.ak bere aita Carlos IV.aren alde abdikatu zuen eta azken horrek, aldi berean, Napoleonen alde. Azkenik, 1808ko ekainaren 4an, enperadoreak José anaia izendatu zuen Espainiako errege.

Frantsesen ohartarazpenak etengabekoak izan ziren arren, Arabako Biltzar Nagusiak pasibo agertu ziren monarka berriari fideltasuna zin egiteko orduan. Izan ere, argudiatu zuten ezin zitekeela zin egin, Madrilen aldez aurretik haren aldarrikapena egiten ez bazen. Miguel Ricardo Alaba eta José Murga prokuradoreak Bergarara bidali zituzten, arabarren eskabidea onartu zuen Josérekin zuzenean hitz egitera gai horretaz. Hala eta guztiz ere, 1808ko uztailaren 11n, Gasteizko Plaza Berrian jarritako oholtza baten gainean, Christophe Merlin jeneralak diputatu arabarrak behartu zituen baionetaz José I.aren aldeko fideltasuna adieraztera.

Gertaera horrek eragina izan zuen Miguel Ricardorengan. Litekeena da José I.a konbentzitzen ahalegindu izana haren zerbitzupean jardun zezan; izan ere, frantsesez zekiten ofizial espainarrak urriak ziren. Dena dela, ordurako gure protagonistak argi zuen Joséren aldeko kasua bazter utzi behar zuela.