1808ko maiatzaren 24an “Madrilgo Kazetak” deialdi bat eman zuen argitara; haren bitartez, hiru estamentuetako (noblezia, kleroa eta herria) 150 diputaturi Baionara joateko dei egiten zitzaien. Miguel Ricardo Arabako ordezkari izendatu nahi izan zuten. Nolanahi ere, ezin izan zuen izendapena onartu, itsas armadako ordezkari gisa joan zelako; egia esan, baziren horretarako zenbait arrazoi: itsas armadan emandako zerbitzuak, frantsesez ondo jakitea eta noblea eta negozio gizona izatea. Marinel gisa, testua izenpetu zutenetariko bat izan zen.

Bilkurak hasitakoan, diputatuei konstituzio proiektu bat aurkeztu zieten, aldez aurretik idatzia eta Napoleonek berak berrikusia. Beraz, deialdiaren helburua konstituzio hori onestea zen, testuari legezkotasunaren itxura emateko eta, bide batez, José I.ari fideltasuna izango ziotela zin egiteko.

Emaitza Baionako Konstituzioa izan zen, Espainiako historia garaikidean emandako lehendabiziko gutuna. Askok eta askok inbaditzailearen agiri gisa ikusi zuten arren, Cadizko diputatuek ere kontsultatu zuten Baionakoa Erregimen Zaharra gainditzeko aurreneko mugarria izan zelako.