7.000 biztanle baino gehiago izanda, Gasteizek balio militar handia zuen, zenbait arrazoi zirela eta. Lehenengo eta behin, kokapen estrategia zuen, bertan Madril, Bilbo, Iruñea eta Logroñorako bideak elkartzen baitziren. Bigarrenik, azpiegitura zabalak zituen, hala nola elizak, komentuak eta jauregiak, eta horiek guztiak kuartel, biltegi eta ospitale gisa erabil ziztekeen. Azkenik, nekazaritza eremu aberats batetik hurbil zegoen, Arabako Lautadatik hurbil, alegia.

Garai hartan, Miguel Ricardo lizentziaturik zegoen itsasontziko tenientearen mailarekin eta Gasteizera bertaratu zen oinordetzan hartuko zituen ondasunak eta osasuna zaintzera Zestoako bainuetxean (Gipuzkoa). 1808ko urtarrilaren 25ean, nahi izan gabe, Gasteizko Komunaren diputatu izendatu zuten eta, handik egun gutxira, Biltzar Nagusietako prokuradore nagusi. Hiriko interesak defendatu zituen bai hemen bertan bai Madrilen; izan ere, gutxi gorabehera 7.000 gizonek osatutako kantonamendu erregular bati eusteak zama handia zekarkion hiria eta hori arindu beharra zegoen. Horretarako, Gonzalo Serrats haren biografoak aipatzen duenez, negoziaziorako trebeziaz eta jendetasunaz baliatu zen, laguntza ekonomikoak lortu ahal izateko.