Bretainia Handia itsasotik inbaditzea ezinezkoa zenez gero, Napoleon blokeo kontinentalaz baliatu zen. Ondorioz, ez zen baimenduko Europan produktu ingelesik sartzen ez eta uhartera produktu europarrik irteten ere. Portugalek blokeo horri emandako ezetza abagune egokia izan zen Espainiaren kontrolaz jabetzeko.

Espainiak eta Frantziak Fontainebleau-ko Ituna izenpetu zuten 1807ko urriaren 27an. Teorian Portugal bi herrialdeen artean okupatzeko eta banatzeko ituna zen. Praktikan, ordea, Espainiara tropa inperialak sartzeko giltza izan zen; gainera, Espainak finantzatu behar zituen haren lurraldean egon bitartean.

Euskal Herria tropen kontingente handien pasabide bihurtu zen. Hego Euskal Herrian ibilbidea Irunen hasi eta Hernani, Tolosa, Bergara, Arrasate eta Gasteiz zeharkatzen zituen. Lehendabiziko unitate inperialak Gasteizera iritsi ziren urriaren 23an. Hurrengo asteetan infanteria eta zalditeria unitate andana iritsi zen gure hirira, bai eta artilleria tren eta ekipaje mordoa ere; bertan atseden hartzeaz gain, beharrezko hornidurak lortu eta Portugaleranzko bideari jarraitzen zioten.