Hamahiru urte zituela, Bergaran ikasten jarraitzen zuen bitartean, Miguel Ricardo kadete gisa sartu zen errege armadan, Sevillako Infanteria Erregimentuan, hain zuzen; handik bi urtera, tenienteordea izatera iritsi zen.

Miresten zuen eta bizipen eta gorabehera asko partekatu zituen Osaba Ignacio María Alaba Sáenz de Navarretek aholkatuta (1750-1817), Miguel Ricardok karrera profesionala aldatzea erabaki zuen eta, horrela, 1790ean itsas armadan sartzeko eskatu zuen. Anaia Claudiorekin batera, nabigazioa, artilleria, maniobra eta fortifikazioa ikasi zituen. Haren maila igoerak azkarrak izan ziren; kontuan hartu beharra dago, meritu pertsonal handiak egiteaz gain, Bergaran prestakuntza akademiko bikaina jaso zuela, eta, gainera, familiak kontaktu sare zabala zeukala armadan eta itsas armadan.

Hurrengo urteetan hainbat ekintza militarretan eta espediziotan hartu zuen parte, esate baterako Ceutaren defentsan (1791), Toulon-eko ebakuazioan (1793), Italiako kanpainan edo Filipinetara egindako bidaia batean osaba Ignacio Maríaren laguntzaile nagusi gisa (1795). Zenbait gorabehera igaro eta herrialdearentzako zenbait zerbitzu egin ondoren, 1805erako itsasontziko teniente zaildua eta eskarmentu handikoa zen eta lehendabiziko proba gogorrari aurre egin behar izan zion Cadizko uretan.