XVIII. mendea Ilustrazioaren mendea izan zen; kultur mugimendu horrek munduari eta gizakiari buruzko kontzepzioa berrikusi zuen alderdi guztietan (politikan, ekonomian, gizartean eta kulturan), arrazoiaz baliatuta. Euskal Herriari dagokionez, 1764an Bergaran (Gipuzkoa) fundatutako Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen inguruan ardaztu zen bizitza ilustratua.

Kezka eta ardura intelektualaren testuinguru honetan, bederatzi urte zituela, Bergarako Errege Seminarioan sartu zuten Miguel Ricardo Alaba. Bertan denbora gehien egin zuen ikaslea izan zen. Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak euskal aristokrazia hezteko babestutako zentro hori eredugarria zen hezkuntzari zegokionez. Bertan Miguel Ricardok humanitateak (gramatika, latina, filosofia, historia eta abar) eta zientziak (matematikak, fisika, kimika, etab.) ikasi zituen, bai eta marrazketa eta frantsesa ere; geroago, frantsesa garrantzi handikoa izan zen haren karrera militar eta diplomatikoari begira. Musika, esgrima eta dantza ere ez ziren falta; azken batean, horrek guztiak hezkuntza integraleko programa bat osatzen zuen, ikasle guztien betetasun fisiko, intelektuala eta morala lortze aldera. Ikasleak kode estu baten arabera hezten zituzten, hainbat balio emateko, hala nola duintasun pertsonala, lanarekiko maitasuna, legearen errespetua eta aberriaren onginahia; gure protagonistak balio horiei eutsi zien bizitza osoan barrena.