Miguel Ricardo Alaba Eskibel Gasteizen jaio zen 1772ko otsailaren 7an, familia aristokratiko baten barruan; haren familiak zerbitzu tradizio luze-luzea zeukan armadan, burokrazian eta politikan. Done Petriren elizan bataiatu zuten honako izena jarrita: Miguel Ricardo María Juan Napomuceno Domingo Vicente Ferrer Alaba Eskibel. Haren aita Pedro Jacinto Alaba Sáenz de Navarrete eta ama María Manuela Eskibel Peralta izan ziren. Lehenengoa alabatarren maiorazkoaren titularra zen, Arabako leinurik zaharrenetariko baten titularra, alegia. Ama, bestalde, lurraldeko nobleen familiarik ospetsuenetariko bati loturik zegoen, Legardako Markesgoari, hain zuzen ere. Bikoteak beste zazpi seme- alaba izan zituen: María Rosario, Claudio, María Ignacia, María Antonia, María Escolástica, María Vicenta eta José Ignacio.

Alaba-Eskibeltarren jauregia XVI. mendean eraiki zen eta hiru solairuko eraikin bat da, estilo errenazentista duena. Jauregiaren aurrealdea Zapatari kalean dago eta erlojuagatik nabarmentzen den atzealdea Errementari kalean; ordulari hori itsasontzi ingeles batena izan zen, Miguel Ricardoren osaba zen Ignacio María Alabak preso hartutako itsasontzi batena, hain zuzen.