1843. urtearen erdialdean Miguel Ricardo etxera itzuli zen. Hala eta guztiz ere, haren osasuna hautsita zegoen. Min handiak zituen. Ez da harritzekoa; izan ere, itsasoan hamazortzi urte eman zituen, zazpi gerran, borroketan zauritua izan zen eta 1823an kolpe gogorra hartu zuen aldakan. Horri, gainera, adina eta klima gehitu behar zitzaizkion. Minak arintzeko, bainuetxeetara joan ohi zen.

Frantziara joan aurretik, amaiera iristen ari zela intuituz, testamentu berria idatzi zuen ekainaren 23an. Testuan argi eta garbi azaltzen da Loretogatik zeukan kezka; gauzak horrela, ezarri zuen emaztea oinordeko bakar eta unibertsala izango zela eta ondasunak askatasunez erabili ahal izango zituela. Izapide horiek eginda, bikotea Baregés-era abiatu ziren, Pirinioetako bainuetxe batera; Miguel Ricardo bertan hil zen 1843ko uztailaren 14an. Haren hileta Betpouey-n egin zen, Baregés-etik hurbil.

1884an Juan Aldamak (aldundiaren burua), Francisco Juan Aialak (diputatu nagusi ohia), José María Zabalak
(Gasteizko alkate ohia) eta Ricardo Alabak (alabatarren etxeko ordezkari bakarra) osatutako batzorde
arabar bat Betpouey-ra bidaiatu zen, gorpuzkinak Gasteizera ekartzeko. Gaur Miguel Ricardo Loretoren ondoan datza Santa Isabeleko hilerriaren panteoi familiarrean.