1833ko urrian María Cristinaren gobernuak delitu politikoentzako amnistia bat eman zuen, kausa liberalaren aldeko laguntza eta babesa lortu nahian. Amnistiatuetariko bat Miguel Ricardo izan zen; amnistia jakinarazi eta gutxira, Gasteizera itzuli zen. Loreto Gasteizen geratu zen eta senarra Madrilera abiatu zen. Madrilera heldu zenean, gerra zibilaren testuinguru bat zegoen; izan ere, karlismoa mehatxu handia zen gobernuarentzat. 1834ko apirilean Errege Kontseiluaren kide izendatu zuten eta ekinean Erresumako Pertsona Itzaltsua, gaur egungo senatariaren antzeko ohorezko titulua.

1835eko urtarrilean, erreginak Ingalaterrako enbaxadore berezi izendatu zuen. Londresen gestio asko egin zituen, britainiarrek bando liberalaren alde egin zezaten eta gerra hartzen ari zen indarkeria geldi zedin. Bi gauza lortu zituen. Lehendabizikoa, Elliot hitzarmena sinatzea (1835eko apirilean), bi bandoek exekuzio bereizi gabeak amaitzeko eta presoen trukea sustatzeko. Bigarrena, Penintsulara “British Legion” bidaltzea, karlisten kontra borroka egiteko. Era berean, Frantziarekiko harremanak hobetu nahian, enbaxadore izendatu zuten 1835eko urrian; kargu hori eraginkortasun handiarekin bete zuen.

1838ko uztailean gobernu moderatu berriak enbaxadore izendatu zuen Londresen. Hala eta guztiz ere, malkatasun fisiko handiaren ondorioz, 1841eko martxoan dimisioa aurkeztu eta bere karrera militar, politiko eta diplomatiko bikainari eman zion amaiera.