Errepresio politikoa ez zen gauza berria izan Miguel Ricardorentzat. 1808an haren ondasun guztiak konfiskatu zituen gobernu josefinoak; 1812an, aliatuak Madrilen sartu eta gero, militar josefino edo juratuen alde eman zuen amnistia dekretuak erradikalenen gorrotoa piztu zuen; eta 1814an kartzelan egon zen Nicasio José Velasco Arabako diputatuordeak jarritako salaketaren ondorioz.

1823an, bazterturik eta ondasunak bahiturik, erbestean zegoen. Hala, Gibraltarretik irtenda, Ingalaterrara abiatu zen; bertan Wellingtonek babes handia eman zion. Harrera egin zion eta Stratfield-Saye-ko egoitzan etxe bat laga zion erostasun guztiekin. Bertan hiru urte egon zen eta denbora horretaz baliatu zen aristograzia britaniarrekin harremanetan jartzeko. Jorge IV. erregearen bisitaldia ere izan zuen; erregeak bastoi bat oparitu zion.

1836an Toursera joan zen bizitzera, haren osasuna Ingalaterrako klimarekin makaltzen zelako. Bertan Loretorekin elkartu zen berriro ere; emazteak ondasun bahituak zaindu zituen Gasteizen.

Garai horretan ere Miguel Ricardok bere kontaktu onak eta diplomazia lantzen jarraitu zuen. Loiraren ibarretan dagoen hiri honetan bizimodu lasaia izan zuen, bainuetxeetara aldizkako bisitak eginez, harik eta 1834an Espainiara itzuli zen arte.