1815etik 1819ra bitartean, Miguel Ricardok enbaxadore kargua betetzen jarraitu zuen Herbeheretako Erresuman, nahiz eta Parisen egonaldi luzeak igaro. Osasun arazoak zirela eta, 1819eko uztailean postuari uko egin eta Gasteizera itzuli zen.

Gure hirian 1820ko urtarrilean ezustean harrapatu zuen Rafael del Riegoren altxatze militarrak. Liberala zenez gero, gobernuak deitu zion miliziak zuzentzeko eta indar erregezale absolutistei aurre egiteko. Abenduan Parisko enbaxada eskaini zioten, baina uko egin zion osasun arazoak zirela eta. 1821eko irailean Aragoiko Kapitain Nagusi izendatu zuten. Karguan ez zuen luzaroan iraun; izan ere, 1822ko martxoan Gorteetako diputatu hautatu zuten.

1822ko maiatzaren 1ean Gorteetako buru izendatu zuten. Hala eta guztiz ere, esperientzia hori laburra izan zen, hilaren 31n dimisioa aurkeztu baitzuen hemizikloaz jabetutako erradikalismo maila handiagatik. 1823ko martxoan “San Luisen ehun mila semeek” inbaditu zuten Espainia, Fernando VII.a absolutismoan berrezartzeko. Irailean Miguel Ricardo Cadizen zegoen, liberalen azken bastioian. Bertan, Angulemako Dukearekin negoziatu zituen erregearen entrega eta hiriaren errendizioa. Hori urriaren 1ean gertatu zen. Horrenbestez, haren bizitzan etapa berri bat hastekotan zegoen: erbestealdia.