Napoleon Santa Helenara bidean zegoelarik, Miguel Ricardo bere enbaxadore postura itzuli zen, 1815eko gerraren eraginez bertan behera utzitako zeregin bati helduz. Izan ere, kontua zen Independentzia Gerran lapurtutako margolan kopuru handi bat berreskuratzea. Margolanak Louvre-ko Museoan gorderik zeuden.

Frantziako museoaren aitzakiekin nekaturik, Miguel Ricardok indarrez jardun zuen. 1815eko irailaren 23an, Nicolás Miniussir kapitainak eta Francisco Lacoma margolariak, eskolta armatu batekin batera, lapurtutako margolanak aztertu zituzten.

Biharamunean 284 koadro eta 108 objektu artistiko atera zituzten. Lan guztiak Espainiako enbaxadan utzi zituzten behin-behinean. Abenduaren 14an Bruselara hamahiru kaxoi iritsi ziren Louvre-ko piezekin; horiek guztiak, eskolta britainiar baten babesaz, Anberesera lekualdatu eta handik Espainiara eraman zituzten. Zoritxarrez beste milaka lan ezin izan zituzten berreskuratu; gaur egun, oraindik ere Frantziako pinakoteka pribatuetan daude.

Kasu ingelesari dagokionez, Gasteizen harrapatutako konboitik ateratako margolan kopuru handia Wellingtonen babespean geratu zen. Gonzalo Serratsen iritziz, pentsatzen denaz bestaldera, Wellingtonek itzuli nahi izan zituen, baina Fernando VII.ak oparitzeko erabakia hartu zuen.