Enperadorea 1815ean itzuli zen eta Frantziako gizartearen zati handi batek oso gogo onez hartu zuen; izan ere, herritar askok ez zuten begi onez ikusten Borboiek boterea berriro ere lortzea. Martxoan, Napoleon Parisen sartu eta armada berria osatzen hasi zen. Europako gainerako potentzia handiek ez zuten asko itxaron koalizio militar berri bat eratu arte.

Wellingtonek adierazi zuen nahi zuela Miguel Ricardo ordezkari espainiarra izatea Frantziako gortearen aurrean eta, bereziki, harekin batera jarraitzea Quarter Master General gisara. Madrilek ere gauza bera nahi zuen. Horren ondorioz, militar gasteiztarra Britainia Handiko lehen komandantearen eskuineko esku bihurtu zen.

Aste frenetiko horietan, Miguel Ricardo garrantzi handikoa izan zen Wellingtonentzat. Ohikoa izaten zen, mahaiaz gainera, biek ezagutza taktikoak partekatzea eta mapen aurrean eztabaidatzea; Miguel Ricardok ordu asko egiten zituen txostenak, zerbitzu orriak eta mezuak berrikusiz. Biak elkarrekin egon ziren armada inperialaren kontra lortutako garaipenetan: Quatre-Brasen (ekainaren 16an) eta Waterloo-n (ekainaren 18an). Geroago ere Miguel Ricardok lagundu zion dokumentazio guztiak txukuntzen eta borrokaren ondorengo ohiko txostenak prestatzen.