Miguel Ricardoren abentura militarra ez zen Gasteizen amaitu. Hurrengo hilabeteetan Wellingtoni lagundu zion bere kanpainan eta zenbait ekintzatan parte hartu zuen, hala nola Sorauren-eko Borrokan (1813ko uztailean), Nive-ko ekintzan (1813ko abenduan), Orthez-ko Borrokan (1814ko otsailean), Bordeleko okupazioan (1814ko martxoan) eta Tolosako Borrokan (1814ko apirilaren 10ean).

Gerra amaituta, Miguel Ricardo eta Wellington ez ziren banatu eta Madrilera elkarrekin bidaiatu ziren britainiarrak Fernando VII.ari egindako bisitaldiaren ondorioz. Maiatzean gasteiztarra enbaxadore izendatu zuten Holandako gortean. Hala eta guztiz ere, ezin izan zuen kargua bete, 1814ko urrian salaketa faltsuen pean atxilotu baitzuten. Atxiloketak harridura sorrarazi zuen Aldundian eta, batez ere, Gasteizko Udalean; udalak lehendabiziko momentutik babestu zuen baldintzarik gabe. Abendura arte egon zen preso; hilabete horretan aske irten zen teniente jeneralaren mailarekin.

1815eko otsailean, Miguel Ricardo Herbehereetako Erreinu Berriaren diplomatikoa zen. Kontuak kontu, Parisen zegoen Wellingtonekin batera, isilpeko zeregin bat zela eta. Bertan egonik jakin ahal izan zuten Napoleon Frantziara itzulia zela
1815eko martxoan.