17:30ak inguruan fronte inperiala guztiz apurturik zegoen eta José I.ak eta Jourdan-ek, armada osoa preso hartua izateko arriskua ikusita, atzera egiteko agindua eman zuten. Jundizko gainetik, Miguel Ricardok etsaiaren porrota ikusi zuen eta, denbora alferrik galdu gabe, Wellington-i eskatu zaion zalditeria unitate bat uzteko, hirira sartu eta itxi nahian. Lagunak unitate onenetariko bat utzi zion, alemanek osatutako “King German Legion”-eko husaren lehenengoa.

Orangeko printzearekin batera, militar gasteiztarra errege bidean sartu zen eta, azken defentsa inperialak inguratu ondoren, Arabako hiriburura barneratu zen, handik azken soldadu aurkariak egotziz. Handik gutxira, bibaka egitera irtendako jendetzari eskatu zion ateak eta leihoak ixteko, etortzekotan zeudenak joandakoak baino txarragoak baitziren.

Haren eskabidea justifikaturik zegoen; izan ere, Ciudad Rodrigon eta Badajozen gertatutakoaren lekukoa izan zen 1812ko urtarrilean eta apirilean, hurrenez hurren. Askatzaile gisa iritsitako tropek goitik behera arpilatu zituzten bi herri horiek. Gasteizen, ordea, ez zen halakorik gertatu; gauez lasaitasuna izan zen nagusi. Eskerrona azaltzeko, 1814ko urtarrilean udal batzorde batek gerrian jartzeko moduko ezpata bat oparitu zion; ezpatan haren inizialak jarri zituzten, bai eta Alaba familiaren armarriaren zenbait ikur ere, ezpata buruan grabaturik. Gaur egun, ezpata hori Londresen dago, Miguel Ricardok Fitzroy Somerset lagunari oparitu baitzion.