1813ko martxoaren 17an, anaiaren aginduak betez, José I.ak Madril utzi zuen azkenekoz. Konboi izugarri batek lagundurik eta Wellingtonek hurbiletik jarraiturik, “errege arrotza” Gasteizera iritsi zen ekainaren 19an. Armada inperialaren egoera oso larria zen; gainera, kopuru aldetik ere gutxiago ziren eta Hego Euskal Herrian eta Errioxan sakabanaturik zegoen eta adoregabeturik.

Ekainaren 19an, milaka soldadu inperial Lautadara ailegatzen eta kanpatzen hasi ziren, ahal bezain ondo. Ez zuten operazio plan sendorik, aurkarien mugimenduen gaineko informazioa falta zitzaien eta, gainera, haien komandante militar nagusia, Jourdan mariskala, ohean zegoen, sukarraldi batek jota. Alde aliatuan, Wellingtonek informazio zehatza zuen armaden egoerari buruz. Tropa motibatua zeukan, bai eta ondo kualifikatutako ofizialak ere. Bere ondoan Miguel Ricardo zuen, gero eta konfiantza eta adiskidetasun handiagoko gizona. Honek oso informazio baliotsua eman zion lurraldeari, herriei eta komunikabideei buruz.

Wellingtonek borroka egiteko zeukan plana honakoa izan zen: kurrika itxurako mugimendu bat egitea, modu horretan etsaia Gasteizera bil zedin.

Hilaren 21era arte José I.ak ez zuela errefortzurik jasoko jakinda, Ciudad Rodrigoko dukeak planarenazken xehetasunak berretsi zituen. Goizaldean, egun euritsu batean, bi armadak posizioan jarri ziren. Borroka hasi zen.