1812. urtea garrantzi handikoa izan zen Arabako politikan. Inbasioa izan zenetik, Biltzar Nagusiak lehenengoz batzartu ahal izan ziren. Zalantza izpirik gabe, gerrillaren jarduera eta ekintzak giltzarriak izan ziren bileraren segurtasuna bermatzeko orduan; batzarra maiatzaren 27an egin zen Tertangan. Bertan, funtsean, hornidurekin eta laguntzekin zerikusia zuten zenbait gai jorratu ziren.

Dena dela, are garrantzi handiagoa izan zuen hurrengo bilerak; biltzar hori azaroaren 25etik 29ra bitartean egin zen Artziniegako Arteko Andre Mariaren santutegian. Bilera horretan Miguel Ricardo Alaba izendatu zuten aho batez Diputatu Nagusi, haren abertzaletasuna eta prestakuntza oinarri hartuz. Hil horren 27an Bitzar Nagusiek Cadizko Konstituzioa zin egin zuten eta, datu bitxi gisara, aipatu beharra dago Arteko Andre Maria Arabako patroi ere izendatu zutela San Prudentziorekin batera.

Gainerako bilkuretan izen-emate eta laguntzen inguruko gaiez mintzatu zen. Miguel Ricardok, frontean egonik, ezin zuenez bere funtzioak bete, Mateo Iruegas Aldamak aldi baterako bete zuen kargua. José María Ortiz de Orruño historialariaren iritziz, Miguel Ricardoren kasua deigarria da oso; izan ere, geroago, erregeordetzak Arabako Burutza Politikoa eman zion. Ondorioz, pertsona berak bi kargu izan zituen: bata forala eta bestea konstituzionala.