1810ean, tropa inperialek Portugaleko Torres Vedras-ko defentsa lerro bikainaren aurrean (Lisboatik hurbil) izandako porrotaren ondoren eta lur errearen estrategia baten ondoren, gerra aldi egonkor batean sartu zen. Edonola ere, 1812tik aurrera, garaipenak ugaritzen hasi ziren espainiarrek, portugesek eta britainiarrek osatutako bando aliatuaren alde.

Urte horretan ere Miguel Ricardok erakutsi ahal izan zituen bere gaitasun militarrak. Ciudad Rodrigoko konkistan tropa aliatuak modu egokian koordinatzeagatik, zelaiko mariskalaren mailara igo zuten 1812ko urtarrilean. Halaber, Badajoz hartzeko borrokan parte hartu zuen apirilean eta Welington-en beste garaipen handi batean ere nabarmendu zen Arapilesen, 1812ko uztailaren 22an. Azkenik, armada aliatua irailaren 18an Burgosera iristean, Miguel Ricardo hirira sartu zen zalditeria unitate batekin eta ordena ezarri zuen gerrillako tropen artean, ordurako hasita baitzeuden hiria arpilatzen.

Ez zen arriskurik gabeko kanpaina bat. Kuartel nagusiko kidea izanik babesa zuen arren, 1812ko urrian larri zauritu zuten Dueñasen. Horren kariaz, luzaz, zenbait hilabetez, egon behar izan zuen ohean. Wellington laguna nahiko arduratu zen eta hogei gutun pertsonal baino gehiago idatzi zizkion. Miguel Ricardok jokabide hori ordaindu ahal izan zion 1813ko ekainaren 21eko goiz batean haren ondoan egotean.