Sintetizatzeko eta azalpenak emateko orduan zeukan trebetasunari esker, Miguel Ricardo aukeratu zuten operazio militarrei buruzko informazioa transmititzeko. Hala, 1809. eta 1810. urteetan, Zuzendaritza Nagusiak agindu zion etorkizunean Wellingtongo Dukea izango zen Arthur Wellesley jeneral britainiarrari (1769-1852) informazioa helarazteko.

Hasiera batetik, Wellingtonek jakin zuen ofizial gasteiztar horren gaitasun eta trebetasunak atzematen. Pixkanaka-pixkanaka bien arteko konfiantza sendotuz joan zen eta, 1810eko ekainean, Miguel Ricardo Britainia Handiko Estatu Nagusiari loturik geratu zen Cadizko Gobernuaren ordezkari ofizial gisa. Kuartel nagusi britainiarrean emandako lau urteetan ingelesez idazten eta irakurtzen ikasi zuen.

1809an Arthur Wellesley-k Portugaleko indar britainiarren komandante nagusiaren kargua bete zuen. Estratega zorrotzzorrotza zen, detaile eta zehaztasun guztietan arreta berezia jartzen zuena. Beti eramaten zuen aldean kanpainarako paper zorro bat; bertan oharrak apuntatu eta aginduak ematen zituen. Maila pertsonalean pertsona hotza zen, itxura fisikoarekin nahiko maniatikoa eta ez zuen inolako  adierazpide trauskilik onartzen bere aurrean. Nolanahi ere, Miguel Ricardorekin salbuespena egin zuen eta bere alderdirik gizatiarrena erakutsi zion.