Napoleonek jakin zuen armada inperiala iparralderantz atzeratzen ari zela, eta, ondorioz, penintsulako kanpainaren agintea hartzea erabaki zuen. Azaroaren 5ean Gasteizera heldu zen. Ostatu hartzeko, enperadoreak Etxezarra aukeratu zuen, hiriaren harresitik kanpo zegoen landa etxe bat. Bertan, lau egunez, eztabaidatu zen José I.a troinuan berriro ere jartzeko kanpaina planaren inguruan. Arrakasta erabatekoa izan zen; izan ere, 1808ko abenduaren erdialderako Madrilen zegoen atzera ere.

Bien bitartean, Miguel Ricardo teniente koronela 1808ko irailean abiatu zen Nafarroako hegoaldera. Haren lehendabiziko ekintza Tuterako Borroka izan zen, azaroaren 23an. Porrot espainiarraren erdian, atzera egitea babestu zuen Calatayuderantz. Handik Cuenca erregiora pasatu zen eta 1809ko urtarrilaren 13an Espainiako armadak Uclés-en izandako porrotaren lekukoa izan zen. Hilabetegarrenean koronel maila lortua zuen eta Extremadurara bidali zuten; bertan tropa espainiarren hamaikagarren porrota ikusi ahal izan zuen, Medellín-eko Borrokan, 1809ko martxoaren 28an, hain zuzen ere. Borroka horretan, kemen eta adore handiko ekintza batean, zauritutako artillero bat erreskatatu zuen estatu nagusi osoarekin batera ihesean zihoanean lauhazkan. Azkenik, uztailaren 28an, Talavera de la Reinako Borrokan parte hartu zuen. Borrokaren emaitza hala-moduzkoa izanagatik ere, bertan komandante britainiar bat nabarmendu zen, Miguel Ricardok lehenagotik ezagutzen zuen Wellesley abizeneko komandantea, alegia.