Miguel Ricardo Madrilera iristearekin batera, abuztuaren 23an, tropa espainiarrak sartu ziren hirira. Aste batzuk lehenago, Bailenen, uztailaren 19an, armada inperial bati lehenengoz gailendua zitzaion armada aukari bat zelai zabalean; armada irabazle hori Francisco Javier Castaños jeneralak (1758-1852) zuzentzen zuen.

Uztailaren 30ean, José I.ak Espainiako kapitala ebakuatzeko erabakia hartu zuen eta, lapurretara emandako armada baten buru, segurtasun bila abiatu zen Ebroren iparraldera. 1808ko irailaren 22an “errege arrotza” Gasteizera iritsi zen eta Montehermoso jauregian hartu zuen ostatu; jauregi hori urrian erosi zuen bi miloi errealen truke. Bi hilabetez gure hiriburua Joséren gortearen hiriburua bihurtu zen; horrek hornidura eta ostatu arazo larriak ekarri zituen Arabako hiriburura erretretan helduz zihoazen tropen kopuru handia zela eta.

Bien bitartean, askapenaren ondoren pozez txoratzen zegoen Madril batean, Miguel Ricardo Castañosekin elkarrizketatu zen. Hasiera batetik sintonia ona izan zen bien artean; izan ere, handik gutxira militar madrildarrak aginte militar bat eman zion gasteiztarrari. Teniente koronelaren mailarekin, gure protagonista Ordena Militarren Erregimentuan sartu eta, horrela, garaipenen eta porroten bide luze bati ekin zion.