4/1992 Legeak aitortu egiten du “Euskal Herriko polizia erakundearen foru jatorria”. Hortik abiatuta eta “arrazoizkotasunak eta eraginkortasunak eskaturik”, hiru foru poliziak Ertzaintzan txertatzea erabaki zen. Hala ere, lege beraren 24. artikuluaren xedatu zen Ertzaintzaren berariazko zerbitzu bana ezarriko zela lurralde historikoetan, izendapen hauekin: “Arabako Foru Aldundiko Miñoien Sekzioa”, “Bizkaiko Foru Aldundiko Foralen Sekzioa” eta “Gipuzkoako Foru Aldundiko Mikeleteen Sekzioa”.

Bestalde, legeak ezartzen du kasuan kasuko diputazioari kontsultatu ondoren zehaztuko direla egitura organikoa, lanpostuak eta plantillak. Foru polizien sekzioen zereginak dira, 109. artikuluan araututakoaren arabera, foru erakundeak ordezkatzea, foru agintariak babestea, foru ondarearen ondasunak babestea eta zaintzea, probintziako instalazioen erabiltzaileen segurtasuna bermatzea, polizia zereginak betetzea errepidezko garraioa ikuskatuz eta errepideak berak zainduz eta, azkenik, Ertzaintzako gainerako unitate eta zerbitzuei laguntzea Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ematen dituen arauen arabera.

Egun, arabar guztiei eskainitako zerbitzu publiko bat dugu, integratua, Ertzaintzaren unitate batean kokatua, Miñoien Atala izenarekin. Menpekotasun bikoitza du: funtzionala, aldundiari dagokionez, eta organikoa, Ertzaintzari dagokionez. Bere zerbitzuak honako lau jarduera arlotan garatzen ditu:

  • Erakundeen, Agintarien eta Ondarearen Segurtasuna.
  • Errepideko garraioa ikuskatzea
  • Ingurumeneko Laguntza Taldea (ILT)
  • AFAko Koordinazio Zentroa (KO.ZE)