Polizia indar gisa, Miñoien zereginen esparrua ez da ordena publikoaren zaintzara edo errepideen kontrolera mugatu. Haatik, arabarren zerbitzurako erakunde zibil bat da, beti egon dena, eta gaur ere badagoena, bere herrikideak dauden toki eta ospakizun beretan, eta, izan ere, “miñoi” hitza “arabartasunaren” berezko parte da, San Prudentzioren eguna eta Estibalizko Andra Mariarena bezalaxe.

Miñoiek larrialdietan ere esku hartu dute, adibidez hainbat herriri laguntza eramanez 1867ko elurte handietan edo probintziako herrietan suteak itzaltzeko lanetan parte hartuz, eta horren erakusgarri da Geltokiaren kaleko (gaurko Dato kalea) etxadi batek su hartu zuenekoa, 1867ko ekainaren 4an.

Aipatzekoa da, halaber, gure foru poliziak Araialdean, eta bereziki Laudion, 1983ko abuztuaren 26an eta 27an egindako lana. Han bost pertsona hil ziren Nerbioi ibaiak gainezka egin zuenean. Ezbehar latz haietan, miñoiek prebentzio eta sorospen lanetan jardun zuten, baita kaltedunei laguntza eramaten, jabetza pribatua zaintzen eta komunikabideen egoeraz arduratzen ere.

Erlijio sentimenduak sakon errotuta daude, betidanik, arabarrengan, eta Miñoien Gorputzak ez du huts egin probintziako ospakizun nagusietan, adibidez eskolta emanez Estibalizko Andra Maria eta San Prudentzio Arabako zaindarien prozesioei edo, abuztuaren 5ean, Andra Maria Zuriaren egunean, Arrosarioaren Egunsentiko Prozesioari.

Horiez gain, miñoiak sarrerak kontrolatzen aritu dira kirol, antzerki eta zinema ikuskizunetan. Eta bete dituzte, halaber, beste eginkizun batzuk ere, jende askok horien berri izan arren, adibidez txertoak banatzea, landan galdutakoei laguntzea, iragaitzazko bidaiariei ekipajeak itzultzea edo dementziak jotako kanpotarrei beren probintziaraino trenez laguntzea.