Ez zen oso baldintza zorrotzik eskatzen hasierako Miñoietan sartzeko, baina bai, ordea, denbora aurrera joan ahala, eta eskakizun gero eta mamitsuago horiek agenteen profesionaltasun jasoagoa ekarri zuten.

Gorputzak izandako araudietan bilakaeraren froga dago. Hasierako eskakizunak garaiko beste edozein indar armatutan sartzeko berberak ziren: 18tik 40-45 urte bitarteko adina, sasoian egotea eta armekin nolabaiteko trebetasuna izatea. Alde horretatik, aparteko merezimenduak aitortu ohi zitzaizkien esperientzia militarra zutenei. Baziren, horietaz gain, bestelako baldintza zehatzagoak ere, esaterako arabarra edo euskalduna izatea, probintzia ezagutzea eta norberaren kontaktu onak, inoiz lehentasuna eman bazitzaien ere irizpide ideologikoei, eta hala gertatu zen, esaterako, 1823an, erakunde liberalekin harremanik ez izatea eskatu zelarik.

1825era arte ez zitzaien eskatu izangaiei irakurtzen eta idazten jakitea, beharbada zibilekin zenbaitetan izandako harreman tirabiratsuen arrazoietako bat hutsune hori. Azaldutakoagatik, gero eta garrantzi handiagoa eman zitzaien ezaugarri “moralei” (zuhurtzia, higiene pertsonala, jantzien garbitasuna, konpainia onak, agintearekiko mendetasuna eta abar) miñoi sartu nahi zutenen egokitasuna balioesteko orduan. XIX. mendearen azken laurdenetik aurrera, postuarekin zerikusi zuzenagoa zuten baldintzak eskatzen hasi ziren, eta emaitza Gorputzaren prestakuntza maila eta eraginkortasun gero eta hobeak izan ziren.

Gaur egun, Ertzaintzan eta haren barneko Miñoien atalean sartzeko 18tik 35 urte bitarteko adina eduki behar da, gutxienez 1,60 metro luze izan (emakumeetan) edo 1,65 metro gizonetan, sasoi onean egotea, ikasketak eta gidabaimena izatea eta funtzio publikorako ezgaituta ez egotea. Gorputzean sartzeko, Ertzaintzarako oposizio publikoak gainditu behar dira.