HASIERATIK XIX. MENDERA ARTE

XVIII. mendearen azkenera arte polizia gorputzak ez zerabilen benetako uniformetzat jo zitekeenik, ordura arte kuadrilleroek eguneroko arropak erabiltzen zituztelarik. Horrela jantzita, ordea, atentzioa eman gabe ibil zitezkeen jende arruntaren artean, nahiko gauza garrantzitsua hori kontuan harturik legearen ordezkariek herriarengan pizten zuten mesfidantza. Esandakoaren adibide dira 1797ko Araudiaren arabera jantzia osatzen zuten elementuak: kasaka laburra, galtzak, alkandora, txalekoa, azpantarrak, espartinak eta kapela, guztia agenteak bere poltsikotik ordaindu beharrekoa eta, horrexegatik, gehienetan merke-zurrean erosia.

Miñoien janzkera, hartara, ez zuen berezko ezaugarririk izan XIX. mendera arte, kapelan jositako identifikazio txaparen bitartez, esaterako. 1825eko Araudian bi janzkera ezarri ziren, kalerakoa bata eta Gorputzaren bereizgarriago bat bestea. Janzki hauek osatzen zuten: jaka, prakak, alkandora, txalekoa, lepoko begizta, txanoa, botinak eta lebita.

Lehen Karlistadaren ostean uniforme osatuago baten alde egin zen, Diputazioak eman nahi zuen itxura taxuzkoagoa irudikatu nahian. XIX. mendean zehar izandako araudietan hainbat mota, kolore eta materialetako jantziak xedatu ziren, eta 1848an txapela gehitu zen, miñoien uniformearen atalik berezkoena zalantzarik gabe. Eta XIX.ean artean gala uniformerik ez egon arren, ofizialentzat salbu, agenteek bazituzten janzki berezi batzuk protokolo ekitaldi nagusietarako, hala nola berariazko jakak, prakak eta botinak.

XX.-XXI. MENDEAK

XX. mendean gala jantziak arautu ziren, baita eguneroko uniformea ere, azken hori bi eratakoa, bata egokiagoa uda parterako eta bestea, beroagoa, negurako.

Gorputzak izandako araudietan zehaztuz joan dira jantzien irudia, kolorea eta materialak. Labur azalduta, gala uniformerako itsas urdin iluna utzi da, eta egunerokorako, kaki kolorea. Txapel haragi kolorekoa ez da aldatu arauditik araudira, eta oraindik da miñoien janzki bereizgarriena.

Gaur egun elementu hauek osatzen dute miñoien ekipamendua:

-gala trajea: oihal urdinezko jaka militarra, lepo itxiduna eta haragi kolorekoa; oihal bereko eta jakaren koloreko praka zuzena, haragi koloreko bi zerrendaduna; eskularru zuriak, bota beltzak eta haragi koloreko txapela.

-eguneroko uniformea: jaka kaki irekia, probintziako armarriaz apaindua bere bost botoietan eta haragi kolorekoa sorbaldako eta mahukaburuetan; praka kaki luzea, korapilo zabaleko gorbata, bota eta azpantar beltzak eta txapel haragi kolorekoa.

Ezin aipatu gabe utzi Tronpeta Jotzaileen, Txistularien eta Mazolarien gala jantzia, lehen aldiz 1939an erabilia eta Adrián Aldekoa margolari gasteiztarraren zirriborroetan oinarritua, zalantzarik gabe elementurik deigarrienetako bat eta Arabako Diputazioak zerabilen solemnitatearen parekoa.

2017ko uztailaren 17tik jantzi berria ipini da.