Erdi Aroko indarkeria eta gatazka giroan, Ermandadearen Ordenantzak zigor kode moduko zerbait ere izan ziren, haietan jasota baitzegoen zer zigor zegokion delitu edo “Ermandadearen auzi” delako bakoitzari. Ermandadeko alkateak justizia administratzen zuen, lehen auzialdian, era askotako “Ermandade auzietan”, hala nola lapurretak, suteak, hilketak edo etxe bortxatzeak. Bigarren auzialdian Diputatu Nagusia zegoen, Koroaren ordezkaria izateaz gain Ermandadearen Batzarrerako dei egiten baitzuen; probintzian bildutako troparen buru zen eta Erregearen edo Errege Kontseiluaren aurrean bakarrik apela zitezkeen epaiak ematen zituen Ermandadearen auzien inguruan.

Bere zereginak eraginkortasunez betetzen zirela ziurtatzeko, Ermandadeko alkate guztiek gizon armatu bat edo bi -“kuadrilleroak”- zituen beren esanetara. Izenaren jatorrian “kuadrillak” daude; hau da, probintzia osatzen zuten eskualdeak, haietako bakoitzak bere lurralde esparruko tokiko ermandadeak elkartzen zituelarik. Kuadrilleroen egiteko nagusia gaizkileak pertsegitzea eta Araban ordena publikoa zaintzea zen, eta hala behar izanez gero, zibil armatuen laguntzaz balia zitezkeen.

Miñoien Gorputzaren aitzindariak ditugu, beraz, eta Miñoien kasuan bezala, kuadrilleroen kopurua ere unean uneko egoeraren eta diru baliabideen arabera aldatzen zen.