Gerra bukatuta, foruen auzia eztabaidagai jarri zen Espainiako Parlamentuan. 1876ko uztailaren 21eko Legeak hala ezarrita, euskal probintziek ere betebehar fiskal eta militarrak izango zituzten, Espainiako besteek bezala. Gobernua eta euskal diputazioak akordio batera iritsi ezinik, 1877an Cánovas del Castillok foru erakundeak deuseztatzeko agindu zuen, horrela foruen garaiari azkena emanda. Berrezarkuntzan Miñoien Gorputzak jardunean jarraitu zuen arren, haren eginkizunak zeregin batez ere administratiboen alorrera lerratuz joan ziren. Miñoien lana zen, adibidez, iruzur fiskala pertsegitzea eta udalerriek zor zituzten kontribuzioak biltzea, pertsonal askorik gabe bete zitezkeen mandatuak hain zuzen; gainera, probintziako ohiko finantza arazoak kontuan hartuta gorputza ez zen hogei edo hogeita hamar kidetik gora pasatuko. Bestalde, ordena publikoa Guardia Zibilaren esku geratu zen gehienbat, inoizka Miñoien Gorputzak ere esku hartu bazuen ere.

XX. mendean aurrera eginda, miñoien polizia gorputzak batik bat zerga bilketan eta zeregin administratiboetan ziharduen. 1930 gorputza hiru ataletan berrantolatuta geratu zen. Lehenak zerga bilketako miñoiak biltzen zituen; bigarrenak, bidezaintzako miñoiak, eta hirugarrenak basozaintzako miñoiak. Guztira 190 gizon gorputzaren eginkizun nagusiei emanda: zerga bilketa, kontrabandoaren pertsekuzioa, errolden eta estatistiken osaketa eta ondare gaien ikerketa.