Egia bada ere 1839ko irailerako gerra amaitua zela Penintsularen iparraldean, Arabako foru poliziak, 1840az geroztik berriro Arabako Miñoien Gorputza deituak, jardunean jarraitu zuen segurtasun publikoaren ahultasun handiagatik.

Diputazioak tirabirak izan zituen agintari militarrekin eta Gobernuarekin, ez baitzen miñoien kontrola besteren esku prest ageri. Bere jarreraren alde, Arabako Diputazioak argudiatzen zuen miñoiek herritarrekin zeukaten lotura estua eta Gorputza probintziaren kontura finantzatzen zela, foru polizia tresna egokientzat aurkeztuz karlisten altxamenduak aurretik eragozteko eta ordena publikoa zaintzeko. Nahiko irudi idilikoa klase xumeek zutenaren aldean, haien begietan miñoiak ez baitziren ia eraginkorrak, zakarkeriaz zerabilten herri jendea eta oso garesti ateratzen ziren. Aurrerantzean ere miñoiek eskumen handi samarrak gorde zituzten, besteak beste ordena publikoari eustea, gaizkileak atxilotzea, jakinarazpenak helaraztea, presoak eta dirua garraiatzea, eraikin publikoak zaintzea, gidak jartzea Armadaren zerbitzura, ermandadeek zor zituzten kontribuzioak kobratzea, agintariei eskolta zerbitzua ematea, legez kanpoko jokoa, dokumentazioa eta ospakizun publikoak kontrolatzea eta abar. Hala eta guztiz ere, 1845ean Guardia Zibilaren destakamenduak ezartzen hasi zirenetik gorputz hori gero eta eginkizun zabalagoa eskuratuz joan zen delinkuentziaren aurkako borrokan, miñoien rolaren kalterako.

Gerren arteko garaian Miñoien Gorputza behin baino gehiagotan deuseztatu, berrezarri eta murriztu zen, finantzazio zailtasunen ondorioz baina baita Armadaren zein Gobernuaren agintariekin izaten ziren arazoak zirela medio ere.