1833tik 1839ra bitartean Araba borrokalekuetako bat izan zen karlisten eta kristinatarren artean Espainiako tronuagatik izandako gerran. Gudan Zaintzaileen Gorputza delakoak gida eta komunikazio lanetan jardun zuen kristinatarren armadarentzat, bai eta ekintza armaturen batean parte hartu ere partida karlisten aurka. Horrez gain, zaintza lanak egin zituzten landa aldean, karlistek herrietatik hornigaiak eta finantzabideak lor zitzaten eragozteko. Egokitu zitzaizkien, zeregin militar hutsetatik aparte, bestelako lanak ere, adibidez Gasteizko Gauzainen Gorputzari laguntzea, bidesariak kobratzea eta zenbait eginkizun administratibo.

Bergarako Hitzarmenarekin batera, 1839ko abuztuaren 31n, gerra amaitu egin zen, baina azaleratu ziren, halaber, zalantzak sistema konstituzionalaren eta foru erregimenaren arteko bateragarritasunaz, eta ezbaian geratu zen, hartara, polizia gorputzen beregaintasuna ere, gerta baitzitekeen ordena publikoaren ardura euskal diputazioen mende ez zeuden gorputz armatuen eskuetara aldatzea.