Frantziarren okupazio militarrarekin (1807-1813) ordena publikoaren egoera larriagotu egin zen, gerrillarien, gaizkileen eta soldatuen jarduna Araba osora zabaldu baitzen. Bizimoduaren latzak kontrabandoa, lapurretak eta beste delitu batzuk berpiztu zituen. Gorputza berrezarri zenetik, 1979az geroztik, kuadrilleroek eginkizun nagusi zuten, krimenaren aurka borrokatzeaz gain, eraikinak zaintzea eta zenbait zerbitzu administratibo betetzea. Bizkaiko Gobernadorearen 1810eko dekretu batez, euskal diputazioak desagertu egin ziren, eta ondorioz, gauza bera gertatu zen kuadrilleroekin, egia bada ere haien kopurua murriztuz zihoala aurreko urteetatik.

1814tik 1833ra bitartean absolutisten eta liberalen arteko borroka izango zen ezegonkortasun soziopolitikoaren erakusle nagusia. Miñoiek -izen horrekin berrezarri baitzen gorputza 1814an- ezer gutxi egin zezaketen landa aldeko segurtasun faltaren aurka, eta gainera, lehen baino zeregin gehiago zeukaten, Ermandadeek ordaindu gabeko kontribuzioak kobratu behar baitzituzten, nahiz eta, probintziak bizi zuen estutasun ekonomikoa zela-eta, miñoien kopurua hainbat aldiz murriztu izan zen. Hirurteko Konstituzionalean (1820-1823) Milizia Nazionala eratu zen. Liberalek sortutako gorputz armatu berriak, miñoien zeregin berberak betetzeaz gain, probintzian ari ziren partida errealistak ezereztu behar zituen. 1822an beste behin deuseztaturik, urte berean berrezarri zen Miñoien Gorputza, orduko hartan “Miñones Cazadores” izenarekin, ordea. Hamarraldi Gaitzesgarrian (1823-1833) Cuerpo de Celadores Alaveses izena ezarri zitzaien, 1823an, bai eta beste eginkizun bat gehitu ere ordura arte betetzen zituztenei: liberalen errepresioa.