Arabarrak 70.000 eskas ziren XVIII. mendearen azkenean. Ekonomiaren oinarria nekazaritza zen batik bat, eta gizartea, estamentutan antolatua, tentsio bortitzen eraginpean eta desberdintasunak eta bazterketa sozialak zamatuta zegoen. Pobreziak, nagusi probintziako biztanle asko eta askoren kasuan, eskera behartu zituen hainbat eta hainbat arabar, eta beste asko delituetara bultzatu, isileko ehizara, ezkutuko egurketara, kontrabandora edo bidelapurretara adibidez. Erantzun moduan, aginte publikoak lege errepresiboei heldu zien, hospizioak eta kartzelak betez eta gorputz armatuak eratuz krimena prebenitu eta desagerrarazteko.

Betidanik Armada izan bazen ere ordenari eusteko tresna, eraginkortasun handiagoz jokatu zuten, zeregin horretan, Penintsulako lurraldeek eurek finantzatutako indar armatuak, horien arteko batzuk Bizkaiko eta Aragoiko Miñoiak, Gipuzkoako eta Valentziako Mikeleteak, Kataluniako Mossos d’Esquadra eta, noski, Arabako Kuadrilleroak, geroago “Arabako Miñoiak” esanak.