Gernikako Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoak polizia gaietan dituen eskumenak arautzen ditu 17. artikuluan, polizia integral, eraginkor, demokratiko eta zibil bat eratzeko asmoz. Helburu horrekin xedatu zen, hasieran, euskal polizia autonomikoak Arabako eta Bizkaiko miñoiak eta Gipuzkoako mikeleteak izango zirela, eta aurreikusi ziren, halaber, hiru polizia gorputzok bakar batean batzeko edo, bestela, berrantolatzeko aukera, eskuratutako eskumenak egoki betetzeko moduan egon zitezen. Eta betiere ateak itxi gabe hiru diputazioetako segurtasun gorputzek beren horretan irauteko aukerari.

Abenduaren 22ko 344/1992 Dekretuan hala xedaturik, Miñoien Gorputzaren zerbitzua Arabako Lurralde Historikotik Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei eskualdatu zitzaien. Hala, bada, Miñoien Zerbitzua eta haren giza baliabide zein baliabide material guztiak Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari atxikita geratu ziren.

Azken buruko helburutzat Ertzaintza polizia gorputz integral bilakatzea izanik eta euskal polizia guztiei estatutu araubide bat bakarra eman nahirik, uztailaren 17ko 4/1992 Legea, Euskal Herriko Poliziari buruzkoa, onartu zen.